Partekatzea - Compartir

BirtualBOT errealitate birtualarekin roboten programak simulatzeko sistema bat da. Teknikako berrikuntza proiektu hau Don Bosco (Andoni Etxeberria) eta Armeria Eskolako (Joseba Etxaniz) berrikuntza sailen laguntzarekin burutu da.

Proiektu honen proposamena, LHko ikastetxeetan dagoen roboten beharrei erantzuteko asmoarekin garatu da. Izan ere, gaur egun erabiltzen diren robotak ugari dira eta ez da erraza ikastetxeetan ekonomikoki eskuragarri izatea, hori dela eta ikastetxe bakoitzean robot gutxi batzuen programazioan oinarritzen dira eta ez robot guztientzako baliagarria izan daitekeen programazioan. 

Egoera honen aurrean, proiektuaren helburua robot industrial nahiz mugikorren simulazioak egiteko 3D ingurunearen muntaketa egin eta errealitate birtualean txertatzea da, 3Dko betaurrekoekin ikusi ahal den simulazio erreal bat izateko. Inguruneak eraikitzeko Unity softwarea erabiliko litzateke, 3D inguruneak eraiki eta betaurrekoekin ikusi ahal izateko aukera ematen baitu. Eraikitako sistemako ingurunean erabiltzen diren robotak berriz, Open Source den ROS (Robot Operating System) sistema eragilearekin funtzionatuko lukete, azkenaldian arrakasta handia izaten ari da hau. Industrian txertatuta dago eta hainbat enpresa handi (Boston Dynamics, BMW eta Siemens esaterako), unibertsitate (EHU, ETH-zurich, Universidad Rey Juan Carlos eta UNED esaterako) eta teknologia zentroek (Teknalia) beren garapen robotikoak sistema honetan oinarritzen ari dira, baliabide asko irekiaz eta munduari eskuragarri utziz.

Sistema honek erraztasun eta malgutasun handiak ematen ditu, alde batetik robot fisikoen beharrik ez dagoelako eta bestalde hainbat motatako robotak eta inguruneak erabili ahal izango direlako. 

Lanbide heziketako kideen ahalduntzea ezinbestekoa da gai hauen inguruan, gure ikasleek XXI. mendeko industriak izango dituen erronkei erantzun egokia eman ahal izateko.

Aurten landutakoarekin ikastetxean lehengo probak egin dira ikasleekin, beraien feedback-a tresna honen eboluzioan giltzarri izango baita.

Partekatzea - Compartir