Erasmus+ Izmir 2025: esperientzia tekniko eta kulturala, helburuak erabat beteta
2025ko ekainean, Don Bosco LHII ikastetxeko 8 ikasle eta 3 irakasleko talde bat
Turkiara abiatu ginen Erasmus+ mugikortasun-programaren baitan. Hainbat astez
prestatu genuen bidaia, eta asmo nagusia argia zen hasieratik: ikasleek
esperientzia tekniko, linguistiko eta kultural osoa izatea, Izmir hiri biziaz disfrutatu
eta bertako prestakuntza-zentro nagusietako batean, Bornova Mazhar Zorlu
Mesleki ve Teknik Anadolu Lisesi, formakuntza tekniko oso bat jasotzea.
Egonaldiak iraun zuen bitartean, ikasleek beste herrialde bateko errealitate
teknikoa zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten; era berean, tokiko kulturarekin
eta bizimoduarekin harremana estutu zuten, eta horrek, zalantzarik gabe,
esperientziari dimentsio pertsonal eta sozial oso esanguratsua gehitu zion.
Ondoren jasotzen den artikuluan, bidaia honen nondik-norakoak eta ikasleek
lortutako emaitzak jasotzen ditugu, bai eta proiektuaren helburu nagusien
ebaluazioa ere.
Elkarlana Izmirreko prestakuntza-zentroarekin
Bidaia honen ardatz nagusietakoa Bornova Mazhar Zorlu Mesleki ve Teknik
Anadolu Lisesi ikastetxearen visita izan zen. Eskola honek antzekotasun
nabarmenak ditu gure ikastetxearekin: Lanbide Heziketan oinarritutako eredua,
prestakuntza dualaren antzeko planteamenduak eta sektore teknikoari lotutako
formakuntza oso espezializatua.
Harrera beroa jaso genuen bertako zuzendaritza, irakasle eta ikasleen aldetik.
Lehenengo egunean, ikasleek aurkezpen txikiak prestatu zituzten beraien burua
eta gure eskola ezagutarazteko. Hori bereziki baliagarria izan zen ingelesaren
erabilera sustatzeko, izan ere, komunikazio nagusia hizkuntza horretan egin zen,
eta ikasleek euren burua modu naturalean adierazteko aukera izan zuten.
Hurrengo egunetan, talde mistoak antolatu ziren: gure ikasleak eta turkiarrak
elkarrekin aritu ziren hainbat jarduera teknikoetan. Tailerrak bisitatu genituen,
bertako instalazio elektrikoak aztertu genituen eta, batez ere, bi herrialdeetako
sistema elektrikoen arteko aldeak identifikatzen aritu ginen. Turkiako araudia eta
estandarrak ezagutzeko aukera izan genuen, eta Europako araudiarekin
konparaketa sakona egitera bultzatu gintuen.
Hau izan zen proiektuaren helburu nagusietako bat, eta egiaztatu genuen ikasleek
aukera paregabea izan zutela ikasitakoa testuinguru erreal batean aplikatzeko.
Aldeak ez dira soilik kolore-kodeetan edo erabilitako materialetan ikusten, babesneurriak, entxufe motak, tentsio-mailak, instalazioen antolamendua eta
segurtasun-prozedurak ere nabarmen desberdinak dira askotan. Ikasleek
dokumentazio teknikoa aztertu, neurketak egin zituzten eta ondorioak elkartrukatu
zituzten, benetako lankidetza giroan.
Bisita kulturalak: kulturarteko gaitasuna lantzen
Bidaian, zati teknikoaz gain, kulturarteko ezagutza lantzea ere funtsezko
helburuetako bat izan zen. Izmir hiria, historia eta modernitatea uztartzen dituen
metropoli koloretsua da, ikasleentzat leku ezin hobea izan zen beste kultura baten
errealitatea ulertzeko.
Izmir Clock Tower izan zen lehen geltokia: hiriaren sinbolo nagusietakoa, Konak
plazan kokatua. Handik gertu, kale artean galdu ginen, eta ikasleek ohartzen hasi
ziren kulturaren ñabardurez: ohiturak, merkatuetako giroa, hizkuntzaren doinua,
jendearen tratua eta hiriaren eguneroko erritmoa guztiz desberdinak dira.
Bisita nagusietako bat Kemeraltı merkatua izan zen. Han, kolore eta usain
ugaridun kaleetan zehar ibili ginen: espeziak, ehunak, artisautza, fruitu lehor
tipikoak… eta, noski, tokiko jakiak probatzeko aukera paregabea izan genuen.
Ikasleek simit, gözleme, pide, börek, döner eta beste hainbat produktu probatu
zituzten. Gastronomiak, askotan, herrialde baten kulturaren isla zuzena ematen
du, eta esperientzia hori oso aberasgarria izan zen talde osoarentzat.
Egun osoko txango batean, Pamukkale bisitatu genuen. Naturaren mirari ikusgarri
hori ikusi bezain pronto, ikasleak harrituta geratu ziren travertino zuriek sortzen
duten paisaia ikusgarriarekin. Bertan, ur termaletako ibilbidea egin genuen eta
antzinateko Hierapolisen hondakin arkeologikoak ezagutu genituen.
Era berean, Çesme herrira eginiko irteera ere oso estimatua izan zen. Izmirreko
kostaldeko herri honek lasaitasuna eta itxura mediterraneoa uztartzen ditu, eta
ikasleentzat atseden hartzeko eta egonaldia perspektiba lasaiago batetik bizitzeko
tarte aproposa izan zen.
Izmirreko egonaldiak argi utzi du Erasmus+ mugikortasunek benetako eragina
dutela ikasleen prestakuntza integralean. Esperientzia honek ez du soilik ezagutza
teknikoa eman; ikasleen autonomia, konfiantza, komunikazio-gaitasuna eta
kultura-aniztasunarekiko ikuspegia ere aberastu ditu. Proiektuaren helburuak bete
dira, eta gainera ikasleen motibazioa eta etorkizuneko ikasketa eta lanerako
ikuspegia sendotu dira.
Egun hauetan bizi izan duguna ez da bidai soil bat izan: ikaskuntza esperientzia
globala izan da, profesionala eta pertsonala aldi berean. Hori da, azken batean,
Erasmus+ programak eskaintzen duen baliorik handiena: ikasleak mundu zabalago
batera irekitzea eta euren etorkizunerako tresna sendoak ematea.

